XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez zidan bixamon makala laga gau hark, nahiz eta ia edaririk probatu ez.

Nire barrua katakumeak bere mende hartutako mataza baino nahastuago geratu zen.

Eguen-gizen gauean engainatua, ahaztua, mespretxatua sentitu nintzen bikote gutiziatsu haren eskutik.

Ez da jelosia, ez-ez; nahi duenak nahi duena esango du.

Esango dit, seguru, Edurnek.

Ni ez naiz jeloskorra.

Sekula ez naiz izan.

Bestela galdetu amari eta hark azalduko dizue zein pozik jarri nintzen arreba txikia jaio zenean.

Zer arraiotarako eraman ninduten etxera tortillera... beno, lesbiana pare hark!

Nitaz trufatzeko ala atzetik emateko? Ala bietarako?

Ni naizen modukoa naizelako, ogi pusketa bat, beste bat izaten da eta ostiaka hasten da bertan.

Eta ez ezazue aurpegi hori jarri, ez nago txantxetarako eta. Inoren desgraziarekin poztea, hori al da giza legea?

Handik denboraldi batera deitu zidan berriro.

Hain gozo hitz egin zidan, pololo konturik eta ironia punturik gabe, ezin izan nion ezetzari eutsi.

Kafetegi batean elkartzekotan geratu ginen hurrengo astean.

Zer nekien neska misteriotsu hari buruz?

Gauza gutxi.

Izena ere, oker ez banengoen, edanean pasatuxea nengoen eta, neuk jarri nion elur-gau gogoangarri hartan.

Oso haserre nengoen neure buruarekin; eta buruarekin pentsatzen hasi behar nuen behingoz, eta ez zakil-buruarekin bakarrik.

Egia da sexua eta amodioa direla gauzarik inportanteenak mundu honetan, bistan da, noski eta jakina, baina gizona ezin da sexu hutsetik bizi.

Ez jauna.

Behin eta berriro errepikatzen nion hau neure buru gogorrari, ea ikasten zuen.

Nahiz eta oraindik erresuminduta egon, harrapatuta nindukan.

Berari buruzko guztia jakin nahi nuen, nolakoa izan zuen haurtzaroa, zeintzuk ziren bere gurasoak, zer lanbide zuen, bakarrik bizi zen (...)